XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

J. Habermasek hiritargoaren nazionalismoa edo abertzaletasun konstituzionala proposatu du, hots, prozedura demokratiko eta oinarrizko eskubideekiko leialtasun amankomunean oinarrituriko identitatea.

Bere iritzian, honelako abertzaletasunak ez dio norberaren identitateari uko egiten. Printzipio unibertsalisten sustraipenerako, beharrezkoa da identitate jakin bat edukitzea. Hori, ordea, identitate posnazionala izango da nolabait, Zuzenbide Estatuaren eta demokraziaren printzipio unibertsalisten inguruan mamitutakoa.

Nazionalismo oro susmagarri zaio Habermasi. Bere ustez, nazionalismoa gizarte modernoaren izaera unibertsalistari kontrajartzen zaio teorikoki. Kanten bidetik, mundu mailako makroetika bat, ordenu legal kosmopolita bat eraiki nahi luke.

Berak aldezten duen eta hainbati hain formalista eta hotza iruditzen zaion abertzaletasun konstituzional horretan, modernitatearen eite unibertsalistak gaina hartzen die berezitasun nazionalei. Hots, naziotasunari ez baizik giza eskubideen eta demokraziaren baloreei lehentasuna emanez egituratu behar da, nagusiki, identitate kolektiboa.

Europa batua eraikitzeak, beraz, ez du berezitasun nazionalak zapuztea esan nahi, europar eremu amankomunaren ekonomiko nahiz kulturalaren barruan nazioz gaineko sistema politiko bat eratzea baizik. Europa naziozgaindiko horrek ez lituzke egungo nazioak eta ezberdintasun kulturalak suntsitu edo ezabatuko.

Horregatik, kosmopolitismo kulturanitzaz mintzo da Thomas =mCc=arthy: kultura politiko bakarra, kultura nazional askotarikoak. Aurrerantzean baliteke pluralismoa izatea unibertsalismoaren forma berria.